XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Penagarria dun, benetan!

Baina hik ez dun inoiz aurretik pentsatuko nora eramango hauten hire ekintzek!

Pentsa izeba Cissiek esan dizkin guztiak!

Izugarriagorik!

Zer esango zinan amak, entzun izan balu?

Gauzak oso okertzen zirenean, amarengan pentsatzen zuten, eta aita eta Saywelltarren etorki apaleko guztiak mesprezatzen zituzten.

Amarena, noski, mundu garaiagoa izan zen, nahiz arriskutsuagoa eta ezmoralagoa.

Mundu berekoiagoa, zalantzarik gabe.

Baina itxura begiragarriagoa zuena.

Eskrupulugabeagoa eta destainarako joera handiagokoa, baina ez hain umilagarria.

Yvettek beti pentsatu izan zuen bere haragi eder delikatua amarengandik jaso zuela.

Saywelltar guztiak larrutsu samarrak ziren, eta barrutik har-joak.

Baina bestalde Saywelltarrek ez zintuzten inoiz abandonatzen.

Cynthia-zelako-hark, aitzitik, erretorea abandonatu zuen danbateko batekin, eta harekin batera haurtxoak.

Bere haurtxoak!

Ezin zioten inola barkatu.

Errietaren ondoren, Yvette barrundatzen hasi zen bere beste sakratutasuna, bere haragi eta odol sentikor garbiaren, Saywelltarrek beren moraltasun izenekoarekin orbantzea lortu zutenaren sakratutasuna.

Orbandu egin nahi izan zioten beti.

Bizitzan sinesten ez zutenak ziren haiek.

Cynthia-zelako-hura, berriz, agin izan zen moralean sinesten ez zuena soilik.

Yvette zorabiaturik, eroririk eta nahasturik zebilen.

Erretoreak itzuli zion dirua izeba Cissieri, andrearen haserre handirako.

Amorru menderaezinaren bunpuilua hazita zuen artean.

Ilobaren gaiztakeriaren berri elizbarrutiko aldizkarian ematea gustatuko zitzaiokeen.

Samingarria zen emakume hondatuarentzat albistea mundu guztira zabaldu ezin izatea.

Nolako berekoikeria!

Nolako berekoikeria!

Nolako berekoikeria!

Gero erretoreak alabari bien arteko kontuaren egoera luzatu zion: zor ziona, horren gaineko interesa, Yvetteren sari murritzetik kendutako zenbatekoa.

Baina ginea bat jarri zuen Yvetteren hartzekoan: erretoreak bere konplizitateagatik pagatu behar zuen ordaina.